CORONAVIRUS EGOERAREN AURREAN

Nafarroan bizi diren pertsona guztiak, Osasun Txartela izan ala ez, Nafarroako Osasun Zerbitzuak artatuko ditu.

Koronabirusaren sintomak dituzula uste baduzu, deitu dagokizun Osasun Etxera, 948 290 290 telefonora –Osasun Aholkua– edo, premiazko arreta behar izanez gero, 112 telefonora. 948 290 290 eta 112 telefonoek eta Osasun Etxeek itzulpen-sistemak dituzte, gaztelaniaz edo euskaraz komunikatzerik ez duenak jatorrizko hizkuntzan egin dezan.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua

Nafarroan duela 3 hilabete baino gehiago bizi direla egiaztatzen duten pertsona guztiek, adina, nazionalitatea eta legezko edo administrazio-egoera edozein dela ere, Nafarroako Osasun Publikoaren Sistemak emandako doako osasun-laguntzarako eskubidea dute. Larrialdi egoeran egonez gero, beti artatuko dituzte, nahiz eta Nafarroan 3 hilabete baino gutxiago eraman.

Osasun arreta publikoa, oinarrizkoa zein espezializatua, jaso ahal izateko egiaztatu behar da 3 hilabetez bizi izan zarela Nafarroan. Eta hitzordua eskatu behar zaio dagokizun Osasun Etxeko gizarte-langileari Osasun Txartel Indibiduala izapidetzeko.

OSASUN TXARTEL INDIBIDUALA (OTI). Identifikazio-agiria da, Nafarroako Osasun Publikoaren Sistemaren erabiltzaile gisa egiaztatzen duena. Hori lortzeko, pasaportea eta 3 hilabete daramatzazula egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar dira: errolda-ziurtagiria, sarrera-bisa, txosten soziala edo alokairu-fakturak, argiaren ordainagiriak, eskoletako matrikulak, etab.

Salbuespen gisa, Espainiara iristen direnetik 90 egun baino gutxiagoko “aldi baterako egonaldian” dauden pertsonei ematen zaie laguntza, Osasun Etxeko gizarte-langileak aldez aurretik txostena eginda eta OTI izapidetzeko bulegoak berretsita.

Asilo-eskatzaileek eta bakarrik dauden adingabeek ez dute hitzordurik behar gizarte-langilearekin, eta zuzenean izapidetzen ahal izanen dute txartela Osasun Etxeko harrera zerbitzuan.

Osasun Etxe publikoetan eta botiketan osasun-prestazioak eskatzera edo jasotzera joaten zarenean OTI aurkeztu behar duzu. Osasun-txartel indibiduala (OTI) eskatzea.

OTIren laguntza-estaldura. Oinarrizko Osasun Laguntzaren esparruan, metodo diagnostikoak, prebentiboak eta terapeutikoak egitea sartzen da, bai eta tratamendu farmakologikoa ere, asistentzia-prozesuak hala eskatzen duenean.

NAFARROAKO OSASUN ZERBITZU PUBLIKOEI BURUZKO INFORMAZIOA (dokumentu hau beste hainbat bezala gaztelaniaz dago).

SOS NAFARROA LARRIALDIAK. 112 telefonoa.

OSASUNAREN ARLOAN LAN EGITEN DUTEN ELKARTEAK. Pazienteen elkarteak.

SEXU- ETA UGALKETA-OSASUNA

SEXU- ETA UGALKETA-OSASUNAREN ARRETARAKO ZENTROAK (CASSYR), OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKOAK. Nafarroa osoko biztanleen sexu- eta ugalketa-osasunari arreta integrala eskaintzen diote. Zentro bakoitza diziplina anitzeko talde batek osatzen du: hezitzaileak, erizainak, emaginak, ginekologoak eta sexologoak. Banakako arreta, taldeko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen zaie profesionalei.

Astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara irekitzen dute.

Aurretiko hitzordua eskatzea:

Arazo ginekologikoa izanez gero, familiako medikuak deribatu duelako.

Zuzenean joan zaitezke bizilekuagatik dagokizun zentrora honako kasu hauetan: haurdunaldia edo haurdunaldi-proba, koital osteko pilula, antisorgailua, Haurdunaldiaren Borondatezko Etendura, sexualitateari buruzko informazioa eta laguntza eskatzea, sexu-transmisiozko infekzioaren susmoak edo sexu-erasoa.

CASSyR TXANTREA ANDRAIZE. San Cristobal etorbidea, z./g. Munduko Parkea. Txantrea. Iruñea. Telefonoa: 848 422 766. Beste zona batzuetako pertsonak ere artatzen ditu; hala nola, gazteak edo pertsona zaurgarriak edo Andraizen bereziki artatuak izatea nahi dutenak. Astelehenetik ostegunera goizez eta arratsaldez irekitzen da, eta ostiraletan goizez bakarrik.

Gazte programa. Gazteak artatzen dituzte, astelehen eta asteazken arratsaldeetan, hitzordurekin nahiz hitzordurik gabe.

Orri honen edukia informatzeko baino ez da. Akatsen bat edo gabeziaren bat aurkitzen baduzue, eskertzen dugu jakinaraztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude